XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Josetxok hamasei urte beteko ditu San Josetan eta noiz nahi sartzen ahal da gazteekin batean, bestak direla edo lagunarteko bilguretan.

Josetxok ez du hori bere gogoan, mutiko ezkibela da nahiz ta bere ezpañetan irriño bat agertzen badu ere, beti tristura bat dauka bere bihotzean, sortzen zaizkion burutapenak urrunera doaz, nondik eldu naiz nere gurasoak nor dira eta beti bere buruari holako galderak eginez.

Josetxo ez da hain inoxentia, lehenago ere Miserikordian bizi zenean gauza asko ikasi zituen, yendea beti erne egoten baita gertakizun garratzak agertzeko eta erakusteko nahikerietan.

Mutikoak denak gogoan dauzka eta hortik datorkio barneko atsekabe hori.

Urte bat gehiago eta Josetxok mutil gazte polit baten itxura dauka, ile oria eta kizkurra, ez da aunitz haundituko baina ez da ttipia ere geldituko.

Teilazuriko Beltzarro maiz joaten da Zelaiondora, kontrabandako aferak direla ta bere aitaren mezuak Paulo-ri ematera.

Josetxo-rekin adiskidetu da baina Teilazuriko mutil hau Zelaiondoko morroia baino hiru urtez zaharrago baita eta honen sorreraz eta biziaren gora-berak ere ongi bait-dakizki, Teilazuriko seme ausartak Josetxo esku-makiltako ibiltzen du.

Bestak dira eta auzoko ostatuan badute soñua.

Josetxo ere hasi zaiku lagunartera urbiltzen eta hantxe denekin batean, baina beti humilki bere moduko gazteen ondoan.

Dibersioa bada, kordiona sonu alaietan, fandangoan eta bai dantza lotuan ere.

Beltzarro denetan nabarmenena neska guziak beretako nahi dituela.

Bere arrebek ere, neska xarmantak baitira, badute arrakasta.

Hango mutil gazte guziekin dantzan gelditu gabe ari dira, baina Josetxo ez da hainbertzetaraino ausartzen eta ilunabartu baino lehen etxeratu da.